XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mayi Ariztiak erakusten du bere hitzaurrean etxeko haurren atsegina ipuinak entzutean aratsetan etxeko neskatoaren ahotik eta asmatzerat uzten du ohidura horren eragina.

Neskatoak (lehen) edo amatxik, edo amak (orain) haurrari lo egiterakoan kontatzen dion ipuintxoak baliorik ez dauka iduriz, baina iduriz bakarrik.

Egunez egun, aratsez arats, ipuinez ipuin, kondairaz kondaira, horiekin ere hazten, moldatzen eta apaintzen da haurraren izpiritua, modu batera eta ez bestera: gure herriko modura, gure euskaldun modura, hots, eta ez beste sorbideko batzuen modu eta moldera.

Haur hura gero ere markatua izango da, ez da edozein haur izango, ez diote nolanahiko kontakizun, ixtorio, kirola mota ez ahusagailuk inarrosiko barrena baina gureek izango dute beti haren baitan lehentasuna, bera ttiki ttikitik haietaz hazia izana delako.

Gure zuhurtzia eta gatza

Kezka haundi batean uzten gaituzte halere holako gogoetek: norat buruz doanetz ote gure gaurko euskal gizona, lehen ez bezalako giro eta hazkurriz delarik hazia; gogo-izpiritu-ametsetako hazkurri mota batzuez gabeturik ez ote den ote berea zuen hartarik husten ari gure gizona.

Itxurak eta azala badauzkagu bai beti, euskaldunarenak, euskaraz mintzo ere bai eta euskara beti ikasten gutarik askok (baina askok bakarrik, aldiz herri osoak?).

Barreneko sendikuntza harek ditu kezkak ematen, ez ote denetz bere berezien hartarik bihotz gabetzen hasia: azala beti euskaldunarena eta mamia gero-ta erdaldunago, gero-ta atzerritartuago nolazbait, beraz ez bera, baizik beste bat...

Kezka horri datxikolako bat zuen aspaldi, baina mintzaira mailakoa bakarrik hura, Basarri batek erakutsi Zeruko Argian.

Oharturik hi-ka-ko hori galtzen ari zutela gaurko ainitzek herrian, hasi zen bera, erakustea gatik, artikulu batzuk hi-ka egiten Nere bordatxotik sailan.

Berdin-berdina da, eta garrantzia haundiagokoa, gaurko euskaldunak ez euskaldun pentsatzea euskaraz mintzo eta euskaraz idatzirik ere.

Eta hemen bazuten gure ipuinek beren zer-ekarria, berezia daukaten pentsaera eta zuhurtzia batekin, ez baitu beste izenik: euskal zuhurtzia edo euskal arima.

Ez beldur izan ordean zu, entzule edo irakurlea; ez uste izan lehengo gaztaina erretzaile eta talo egileen denborarat itzularazi nahi zaitugunik gaurko biziaren erdian.

Lehengoak lehen ziren, gaurkoa da gurea eta hemengo garai eta bizian da gurea; baina gurea ginaukan zuhurtzia haren hari beretik nahi eta behar dugu gaurko zuhurtzia, eta biharkoa, gaurko sorkuntzatik biharko herria eginen duena.

Horretarako, lehengoan galdurik ez gaitela egon baina lehengoen oroimena ere ez dezatela gal gure herriko umeek, hori eta hori da gure herriaren haria deitzen duguna.